XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

deustarako balio ez zuen argizari alferrikakoa zen.

Gorririk bezala geratu nintzen Ritaren bat-bateko urruntzearekin, gorririk eta elbarri mundu guztiaren aurrean.

Pauso bakar bat emateko ere gauza ez nintzela.

Hileta baino lehenagoko egunetan gure etxeko telefonoa ez zen istant batean isildu.

Nik alemanieraz ez dut tutik ulertzen, baina Ritak bai, dozena bat dei baino gehiago jaso zituen albistearen berri jakin zen egunean bertan.

Lagun zaharrak ei ziren gehienak, eta oharkabean, Hansen heriotzearen tristurari, iragandako gazte denboren mina gehitu zioten dei haiek Ritaren baitari.

Hans hiltzearekin, aldi bat ere joan zitzaion Ritari ihesi.

Tinko sumatu nuen, hala ere, emaztea. Itxura batean bai behintzat.

- Amari esango zioat gurera etortzeko.

- Ez haut bi haurrekin bakarrik lagako.

- Hori gutxienekoa dun Rita.

- Baina zer egingo dinat nik egun hauetan hi gabe?

- Utz iezadan Koloniara laguntzen.

- Ez eta pentsatu ere.

Han traba baizik ez haiz izango niretzat, ez duk jendea ezagutzen. Hizkuntza eta lekuak ere ez.

Gainera hobe duk Bladi hi gabe agertzea hara.

Aireportura lagundu eta ama-semeak hegazkinean sartzen ikusi nituenean, ezerezak irentsi zidan barrena.

Neure baitara lotzen ninduten lokarri eta tinkarri guztiak han joan ziren hegaka, DC9 berri baten barnean eserita.

Kolokan baino gehiago, esan dezaket geratu nintzela luma bat haizetan bezala, non erori asmatu ezinda eta gainera, larrituta, aztoratuta eta guztiz izututa.

Gizona bainoago, nirudien tximino txiki bat, aireportuko leiharretatik haruntz begiak jarrita.

Lehenengo aldia zen ia bost urtetan emakume haren auzotasunik gabe geratzen nintzela, eta etxean utzitako bi haurrak amarik gabe ikustea huskeria iruditu zitzaidan niri gertatzen zitzaidan umezurztasunarekin alderatuta.

Ni ezer gabe geratzen bainintzen Ritaren urruntasuna zela medio, arnasarik ere gabe.

Niretzat bizitza, bere aldapa, zailtasun eta atsegin guztiekin, urpean gertatzen den kontua baita eta Rita da nire biriketara airea eramaten dakien bakarra munduan.

Ito egingo nintzen Ritarik gabe, neure ganora ezaren saldatan, une batetik bestera.